XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Bat-bateko heriotzeak eraginda, bestalde, beste hiru poema bukatu barik utzi zituen Aitormendiko jaia (bere lagun Tomas Elduaieni eskainia), Txinparta eresia eta Aizeaz yardunki.

Bukatzeko, esan beharra daukagu hain ezagunak ez diren hitz lauzko lanak ere argitaratu zituela Loramendik Zeruko Argian.

Guztira 5 lantxo, liburuaren hondarrean dituzunak hain zuzen ere.

Azterketa sakonik eta kritikarik egingo ez dugula aipatu badugu ere, ez genuke sarrera hau Loramendiren poemetako hizkuntzaren gainean gauza nabarmenenak aipatu barik (eta aipatu besterik ez) bukatu gura.

Zalantzarik gabe, Loramendiren hizkuntza bere garaiko fruitua da.

Ez da Bedoñakoa huts-hutsean.

Goratxoago aipatu dugunez etxeko euskara ia galdu egin zuen Loramendik.

Berreskuratzean, berriz, landu egin zuen eta irakurritako autoreen joera barneratu zuen.

Garaiko hizkuntza garbia jaso eta erabili zuen hiztegian ezagun duenez.

Bere sasoiko diren abenda, bakaldun, neskutz, gentza, gotargi, donoki eta antzekoak ez zituen Mendibitzun ikasi, irakurketa eta hizkuntzaren lanketak eman zizkion, onerako zein txarrerako.

Adizkera trinkoetarako erakusten duen joera gehiegizkoa ere garaiari zor dio: daror, daskeingu, digoan, digart... euskal tradizioan errorik ez duten erabilerak dira, Loramendiren garaiko tradiziotik kanpo, jakina.

Irakurketa arinean somatu ditugun bi ezaugarri nagusi horiek aipatuko ditugu guk geure sarrera honetan, irakurleari abisu modura edo, nahi duenak azterketa sakonagoa egin dezan aukera utziaz.

Goian aipatutakoa aipaturik ez genuke, hala ere, hizkuntzari dagokionez poesiatik oro har prosa, eta espreski gurasoei idatzitako karta, bereizi gabe utzi gura.

Alderdi horretatik, Loramendiren hitz-lauzko emana askoz ere arinagoa eta errazagoa dela esan liteke; poesia arras landuagoa da.

Azterketa sakonagotan sartu gabe, poesiatik liburu honetan jasotzen den gurasoei idatzitako eskutitzera dagoen jauzia aipatu gura genuke.